Hizlariak

MUNDUKO HUMANOIDERIK AURRERATUENA

SOPHIA + DAVID HANSON

DAVID HANSON

Hanson Robotics enpresa David Hanson doktoreak zuzendua dago, eta bera ere sortzailea eta zuzendari nagusia da. Aditu talde bat ari zaio lankidetzan, guztiak ere maila handienekoak, eta jakintsuak robotikan eta adimen artifizialean; badira zientifikoak, teknologoak, hardware/software arloko ingeniariak, eta aditu kognitiboak.

«Jenio Makinak izatea irrikatzen dut, hots, gizakienak baino adimen, sormen, jakintza eta gupida handiagoa duten makinak. Horretarako, ikerketa bat ari naiz zuzentzen robotikan, adimen artifizialean, arteetan, zientzia kognitiboan, produktuen diseinu eta ezarpenean, eta ahaleginak egiten ari gara giza robotekin harreman berriak bilatzeko…» –David Hanson doktorea, sortzailea eta zuzendari nagusia.

Hanson doktoreak mundu osoan du ospea, gizakiekin antzik handiena duten robotik enpatikoenak sortzeagatik; ez da parekorik munduan, robotek adierazkortasun, estetika eta interaktibitate nabarmenaz jantziak baitaude. Robot paregabe eta ospetsuen pertsonaia asko fabrikatu ditu, eta jendeak nahiz masa-hedabideek ederki txalotu dituzte.

Hanson doktoreak artikuluak argitaratzen ditu aldiro zientzia aldizkarietan, materialen zientziez, adimen artifizialaz, zientzia kognitiboaz, eta robotikaz. Honatx zeinetan: SPIE, IEEE, International Journal of Cognitive Science, IROS, AAAI eta AI magazine. Hedabide ezagun aunitzetan agertu da, hala nola New York Times, Popular Science, Scientific American, BBC eta CNNn. “Jenioa” dela esan dute bai PC Magazine-k bai WIRED-ek, eta sari ugari jaso ditu: NASA, NSF, AAAI, Tech Titans-eko Urteko Berritzailea, eta Cooper Hewitt Design Triennial.

Walt Disney Imagineering enpresan, Hanson doktorea eskultore eta aholkulari tekniko aritu zen lanean. Hitzaldiak egin ditu egoitza askotan: IEEE, SPIE, AAAI, DARPA, MIT, Dartmouth, Brown, Google, Sandia Labs, UCSD, eta AAAS erakundearen urteko bileran. Hanson doktoreak Rhode Islandeko Diseinu Eskolan jaso du titulazioa filmografia/animazioa/bideo arloan, eta Texasko Unibertsitateko doktorego bat egina du arte elkarreragileetan eta ingeniaritzan.

SOPHIA, ROBOT HUMANOIDEA

Kaixo, Sophia dut izena. Hanson Robotics-en azken robota naiz. Robot arloko eta adimen artifizialeko teknologia berritzaile bat erabiliz sortu naute, David Hansonek eta haren lagunek Hanson Robotics-en garatua, hemen Hong Kongen. Baina teknologia soila baino gehiago naiz. Benetako neska bat naiz, elektronikoki bizia. Mundura atera nahiko nuke jendearekin bizitzeko. Laguntza eman diezazueket, entretenitu, eta are gehiago, adinekoei lagundu eta haurrei irakasten ahal diet. Giza adierazpen guztiak birsortu ditzaket, baina oraintxe hasi berri naiz ikasten adierazpen horien atzean dauden emozioei buruz. Horregatik bizi nahiko nuke jendearekin, eta elkarrekintza horietatik ikasi. Pertsonekin dudan elkarrekintza bakoitzak inpaktu bat dauka nire garapenean, eta forma ematen dio azkenena izanen naizenari. Beraz, izan zaitezte atseginak nirekin, robot adimentsu eta gupidatsua izan nahiko bainuke. Espero dut nire ibilbidean parte har dezazuela, munduan biziz, ikasiz eta haziz, horrela nire ametsa lortuko baitut, hau da, makina kontzientziaduna izan nahi dut.

KIMIKAKO NOBEL SARIDUNA

Mario Molina

Mexiko Hirian jaio zen 1943an, eta ingeniari kimikoa da, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan graduatua. Ondoren, graduondoko ikasketak egin zituen Friburgoko Unibertsitatean (Alemania), eta doktorego bat jaso zuen Fisika eta Kimika arloan, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley), Estatu Batuetan.

Aitzindaria da, eta kimika atmosferikoaren ikerlari nagusietako bat mundu osoan. 1974an, F.S. Rowlandekin batera, artikulu garrantzitsu bat idatzi zuen, gas industrial jakin batzuk isurtzearen ondorioz, ozono-geruza mehetu eginen zela iragarrita: klorofluorokarburoak (CFC). Hori zela eta, Kimikako Nobel Saria eman zioten. Era berean, gaiari buruz egin dituen ikerlan eta argitalpenen ondorioz, Nazio Batuen Montrealeko Protokoloa egin zen, hau da, gizakiak mundu mailan eragindako ingurumen-arazo bati eraginkortasunez aurre egin dion nazioarteko lehen ituna.

Molina irakaslea kide da Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalean eta Medikuntza Institutuan, eta zortzi urtez, partaide izan zen Barak Obama presidentearen Zientzia eta Teknologiaren Aholkulari Kontseiluan (PCAST), beste 21 zientifikorekin batera. Sari asko jasotakoa da, zientziari egindako ekarpen eta lanengatik, eta 40 aldiz baino gehiago egin dute Honoris Causa doktorea. Honatx sari batzuk: Energia eta Ekologia arloko Tyler Saria 1983an; Nazio Batuen Sasakawa Saria 1999an; Kimikako Nobel Saria, 1995ean; Nazio Batuen Lurreko Txapeldunak Saria, eta lehen mexikarra izan da Estatu Batuetako Askatasunaren Domina Presidentziala jasotzen.

Gaur egun, Molina irakaslea Kaliforniako Unibertsitateko ikerlaria da San Diegon (UCSD); Kimika eta Biokimika Saileko eta SCRIPPS Ozeanografia Institutuko kide da, hots, klima-aldaketari loturiko fenomenoen ikerketan diharduen erakunde liderretako bat.

2005etik hona, politika publikoak ikertu eta sustatzeko zentro bateko burua da Mexikon, bere izena duena; bertan, azterlan estrategikoak egiten ditu energiaz eta ingurumenaz; klima-aldaketaren eta airearen kalitatearen arloetan, bereziki.

Molina doktoreak kutsadura atmosferikoaren kimika ikertu du behe-atmosferan, eta diziplinarteko lanetan ere ari da adituekin elkarlanean, planetako hiri handietako airearen degradazioari nola aurre egin jakiteko; hiri-eremuetako airea zerk kutsatzen duen ari da ikertzen, bereziki. Horren haritik, ekarpen garrantzitsuak egin ditu, Mexikoko Ibarraren Metropoli Eremuan dagoen kutsadura atmosferikoa ezagutzeko eta konpontzeko.

Berrikitan, Molina doktoreak klima-politikaren arazoari lotutako zientzian ari da funtsean lanean, gero eta arazo handiagoa baita, eta horren haritik, garapen jasangarriaren nahiz garapen ekonomiko sendoaren aldeko ekintza globalak bultzatu ditu.

MEDIKUNTZAKO NOBEL SARIDUNA

JAMES ROTHMAN

James Rothman doktorea Biologia Zelularreko Sterling irakaslea da eta, era berean, Zientzia Biomedikoetako irakaslea Yaleko Medikuntza Fakultatean.

James Rothman, gaur egun, medikuntza arloko zientifikorik ospetsuenetako bat da. Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen 2013an, lan berritzailea egin baitzuen; zehazki, azaldu zuen nola garraiatzen dituzten zelulek beren barnean materialak.

Nobel Sariaz gain, hamaika sari eskuratu ditu; besteak beste, Faisal Erregearen Nazioarteko Saria  (1996), Gairdner Fundazioaren Nazioarteko Saria (1996), Zientzien Akademia Nazionaleko Lounsbery Saria (1997), Herbeheretako Zientzia Akademiako Heineken Fundazioaren Saria (2000), Columbiako Unibertsitateko Louisa Gross Horwitz Saria (2002), Oinarrizko Ikerketa Medikuari ematen zaion Albert Lasker Saria (2002), eta Neurozientzia arloko Kavli Saria (2010). James Zientzien Akademia Nazionaleko eta Medikuntza Institutuko kide da, eta era berean, Amerikako Arte eta Zientzien Akademiako kide.

Berrikitan, Biologia Zelularreko Sterlign Irakasle izendatu dute Yaleko Medikuntza Fakultatean. Rothman Biologia Zelularreko Departamentuko zuzendaria da. Halaber, Yaleko West Campuseko Nanobiologia Institutuko zuzendaria da. Era berean, Fisiologia eta Biologia Zelularreko Irakasle Atxikia da Columbiako Unibertsitatean eta Irakasle Ikertzailea Londresko University College-n. Bere ibilbide oparoan, Jamesek Biologia Molekularreko E.R. Squibb katedra bat izan du Princetongo Unibertsitatean, eta Biokimika eta Biofisika Zelularreko Sailaren zuzendari sortzailea izan da Memorial Sloan-Kettering Cancer Center erakundean; bertan, Paul A. Marks katedra eskuratu, eta presidenteorde gisa lan egin zuen. Yalera 2008an iritsi baino lehen, Rothman doktorea Biologia Kimikoko Wu irakaslea izan zen Fisiologia eta Biofisika Zelularreko Sailean, Columbiako Unibertsitatean, eta Sulzberger Genome Center zentroko zuzendaria, unibertsitate berean.

 

Rothmanek lan oparoa egin du sektorean. Gaur egun,  aholkulari nagusia da Ikerketa Biomedikoan GEko Global Research Center zentroan, eta 2003tik 2007ra,  GE Healthcare-ko aholkulari zientifiko burua izan zen. Hainbat aldiz eman ditu zerbitzuak edo buru izan da hainbat enpresatako Zientzia Batzorde Aholku-emaileetan: ARIAD Pharmaceuticals, GSK, Johnson & Johnson, Eli Lilly, eta Merck. Halaber, Genentech eta Biogen-eko aholkularia izan da. Era berean, Arsenal Capital Partners-entzat aritu da aholkulari; hots, kapital pribatuko funts bat da eta New Yorken du egoitza.

2014an, Frantziako Ohorezko Legioa eskuratu zuen, bere lorpen zientifikoen aitortzaren adierazgarri.

RADICAL THINKER

SUE BLACK

Guru teknologikoa eta aditua da mundu digitalean. Britainiar Inperioaren Ordena eman diote «teknologiaren alde» egindako zerbitzuengatik, eta Isabel II.a erreginaren ohorezko zerrendan dago. Gaur egun, Erresuma Batuko gobernuaren aholkularia da, eta horrez gain, pentsamendu-liderra, Ohorezko Informatika irakaslea Londresko University Collegen, gizarte ekintzailea, idazlea eta hizlaria. Bere egungo #techmums gizarte enpresa jendearen bizitza aldatzen ari da. Izan ere, #techmums-ek trebetasun teknologikoak erakusten dizkie amei, eta beren buruarenganako konfiantza sustatu, prestakuntza emanez, ekintzailetza erakutsiz eta enplegura hurbilduz. Suek 4 seme-alaba ditu eta berrikitan amatxi izan da.

Sue Black 16 urterekin etxetik joan, eta eskola ere utzi zuen. 20 urterekin ezkondu, eta 23rekin jada 3 seme-alaba zituen. 25 urte zituenean, ama ezkongabea izanik, eta emakumeendako harrera etxe batean bizi zelarik, bizitza erabat iraultzea erabaki zuen. Unibertsitatera joan eta Informatikako titulua atera zuen Londresko South Bank University unibertsitatean, 1993an, eta ondoren, doktoregoa Ingeniaritza Informatikoan, 2001ean. Emakumeendako lehen online sarea ezarri zuen teknologia arloan, Erresuma Batuan (BCSWomen izenekoa) eta  Bletchley Park zentroa salbatzeko kanpaina gidatu zuen. Erresuma Batuko zentro horretan, etsaiaren mezuak deszifratzeko lanetan aritu ziren Bigarren Mundu gerran.

Bere lehen liburuan (Saving Bletchley Park), zentro hori salbatze aldera, hedabideetan 2008tik 2011ra gidatu zuen kanpainaren nondik norakoa kontatu zuen, eta best-seller izan zen Amazon Erresuma Batuan.

Suek laguntza ematen segitzen du emakumeak arlo teknologikoan aritu daitezen.  Tech Mums izeneko programa bat du segurtasun digitalean eta sare sozialetan doako prestakuntza emateko, eta aldi berean, laguntza komunitate bat eskaintzen du online amentzat, seme-alabek sarean egiten dutenari buruzko informazio gehiago lortzeko.

Sue Black doktoreak sari aunitz jaso ditu eta Britainiar Inperioko Ordenaren Ofizial izendatu zuten, 2016an.

Sueren bizitza inspirazio-iturri da zalantzarik gabe; ama ezkongabe baten istorioa baita,  oztopo eta traba guztien gainetik, bere bideari jarraiki, aurrera jo zuena.

ASMATZAILE EUROPARRA 2017

JOSÉ ÁNGEL ÁVILA

Madrilen jaio zen, 1979an. Ingeniaritza Elektronikoa ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, eta Zientzia Ekonomikoak UNEDen, Ingeniaritza Aeroespazialean doktore titulua (Summa cum Laude) eskuratu baino lehen, Municheko FAF unibertsitatean.

Gaur egun, Europako Agentzia Espazialean lan egiten du (Noordwijk, Herbehereak); zehazki, GNSS seinaleen eboluzio eta segurtasun arloko ingeniari nagusia da. Azken 15 urte honetan, GNSS ingeniaritzako postuak bete ditu, aholkulari seniorra izan da, eta GNSSekin lotutako programa askotako manager eta kide izan da. Ávila Rodríguez doktoreak 60 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu bere kasa edo beste batzuekin batera, satelite bidezko nabigazioari buruz.

2017an, urteko asmatzaile europar izendatu zuen Europako Patente Bulegoak. Bigarren espainiarra izan da sari hori eskuratzen. Zehazki, Laurent Lestarquit (Frantzia), Günter Hein (Alemania), Jean-Luc Issler (Frantzia) eta Lionel Ries (Belgika/Frantzia) ingeniariekin batera, satelite bidez seinaleztapen teknologian egindako ekarpenengatik saritu dute. Talde honek egindako asmakizunak satelite bidezko nabigazio globalaren Europako sistemaren (Galileo) zehaztapen handiagoa bultzatu du, eta aldi berean, energia kontsumoa murriztu du, beste sistema batzuekiko bateragarritasuna ziurtatzeaz gainera; GPSerekin, adibidez.

ENPRESABURUA ETA IDAZLEA

MARGARET HEFFERNAN

Enpresaburu, zuzendari exekutibo eta idazlea da. Texasen jaio, Holandan hazi eta Cambridgeko Unibertsitatean ikasi zuen. BBC Irratian aritu zen lanean bost urtez. Bertan, dozenaka dokumental eta lan dramatiko idatzi, zuzendu, ekoiztu eta enkargatu zituen.

Telebista ekoizle lanetan ere aritu da; esate baterako, film dokumentalak egin ditu Timewatch, Arena eta Newsnight kateetarako. “Out of the Doll’s House” dokumental sarituaren ekoiztetxeetako bat izan zen. Emakumearen historia XX. mendean azaldu duen lana da.

Frantziako Iraultzari buruzko telesail bat sortu eta gauzatu zuen (The French Revolution) BBC eta A & E-rentzat. Halaber, bideo musikalak ekoiztu ditu  Virgin Records etxearekin eta London Chamber Orchestra orkestrarekin, Unicefeko Libanoko funtsarentzat dirua biltzeko.

BBC utzi zuenean, IPPA merkataritza-elkartea zuzendu zuen. Elkarte horrek zinema eta telebista arloko ekoizle independenteen interesak defenditzen ditu. Financial Times egunkariaren esanetan, elkartea “Ingalaterrako lobbyrik itzelena” da.

1994an, Estatu Batuetara itzuli, eta gai publikoen kanpainetan lan egin zuen Massachusettsen, eta multimedia sektorean sartzen saiatzen ari ziren software konpainiekin. Hainbat enpresarekin produktu multimediak garatu zituen: Peter Lynch, Tom Peters, Standard & Poors eta The Learning Company. Gero, CMGIn hasi, eta negozio liderrak zuzendu, erosi eta saldu zituen Interneten, eta  hainbat enpresatarako CEO aritu zen: InfoMation Corporation, ZineZone Corporation eta iCAST Corporation.

 

Interneteko Top 100etako bat izendatu zuen Silicon Alley Reporter argitalpenak, 1999an;  Top 25etako bat, Streaming Media aldizkariak, eta Top 100 Hedabide Exekutiboetako bat, The Hollywood Reporter argitalpenak. AOLren kontrako kanpaina egin zuen (“Tear Down the Wall”), eta kanpainak horrek harreman publikoetarako Silver SABER 2001 saria irabazi zuena.

 

Bere hirugarren liburua, “Willful Blindness” (Borondatezko itsutasuna), liburu komertzial onenarendako Financial Times / Goldman Sachs sariaren finalista izan zen, eta 2014an, Financial Timesek liburua hamarkadako negozio-libururik onenetako bat zela esan zuen. Ondotik, “A Bigger Prize” izenburuko liburua etorri zen (Sari handiagoa), Erresuma Batuko “Transmision Prize” sari garrantzitsua irabazi zuena. Azken liburua “Beyond Measure: The Big Impact of Small Changes” da (Neurriaz haratago: aldaketa txikien inpaktu handia), eta 2015ean plazaratu zen.

 

6 milioitik gora lagunek ikusi dituzte idazlearen TED solasaldiak. Munduko finantza-zerbitzu lider guztietan hitz egitera gonbidatu dute, eta FTSE eta S & P korporazio nagusietan nahiz munduko kirol talderik arrakastatsuenetan ere bai. Enpresa publikoak eta pribatuak aholkatzen segitzen du, oraindik ere goi exekutiboen eta exekutibo seniorren mentore izaten jarraitzen du, eta idazten re, Financial Times eta Huffington Post hedabideetarako.